2015(e)ko urriaren 23(a), ostirala



Kutxabankek lantaldea txikitzea eta bulegoak ixtea proposatu du

Kutxabankek aurtengo irabaziak halako hiru lortu nahi ditu 2019rako (500 milioi euro), eta martxan duen Negozio Planaren barruan lantaldea txikitzea eta bulegoak ixtea proposatu zien atzo sindikatuei. Erretiro aurreratuak, borondatezko kontratu hausteak, lanaldiak murriztea eta kontratuak etetea mahairatu zuen, martxan jarri nahi dituen neurrien artean.

Finantza entitateak 150,3 milioi euroko mozkinekin itxi zuen 2014. urtea, aurrekoan lortutako kopurua baino %38,3 gehiago; aurtengo lehen seihilekoan 122,7 milioiko irabazia izan du, aurreko urtean baino %18,8 gehiago; baina 2019rako irabaziak hirukoiztu egin behar dituela erabaki du zuzendaritzak, eta plan horien barruan ulertu behar dira «eraginkortasuna» handitzeko neurriak.

Horiek horrela, 1953 eta 1954tik aurrera jaiotako 276 langileri proposatuko die erretiroa aurreratzea. 55 urte dituen beste «talde txiki» bati ere gauza bera eskainiko dio. Kontratua borondatez haustea erabakitzen dutenei buruz ez du mugarik jarri kopuruan, eta ez du ezagutzera eman zer-nolako pizgarriak eskainiko lituzkeen kaleratze horiek gerta daitezen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina