2015(e)ko urriaren 23(a), ostirala



Eskandaluak ez die oraingoz kalte handirik egin VWen salmentei

VWen hiru marka nagusiek iaz baino %20 gehiago saldu dute aurtengo irailean Hego Euskal Herrian. AEBetan eutsi egin die salmentei.



  Motor trukatuen harira sortutako eskandaluak ez du kalterik eragin Volkswagenen salmentetan. Oraingoz ez, behintzat. Hego Euskal Herrian, adibidez, Alemaniako etxearen hiru marka nagusiek —VW, Audi eta Seat— iazko irailean baino %20 gehiago saldu dute aurten, merkatua oro h ar %10 igo den hilabete batean. Volkswagen izan da gehien saldutako marken artean hirugarrena, 283 auto salduta. 
 
Eskandalua AEBetan lehertu zen, baina trukatutako auto gehienak Europan saldu dituzte. Guztira, 11 milioi auto daude egoera horretan, eta pixkanaka datuak ematen ari dira herrialdeka. Jakina zen Alemanian bertan trukatutako 2,8 milioi zeudela, eta Espainian 750.000. Auzia zer garrantzi hartzen ari den ikusita, Europako Batasuneko industria ministroek bilera egin zuten atzo. Iruzur gehiago gerta ez daitezen beharrezkotzat jo dute gas isurien gaineko legedia lehenbailehen berritzea. Erabakiak hartu aurretik, ordea, EBk herrialde kide bakoitzari eskatu dio auziaren inguruko informazioa biltzeko.

Sortutako iskanbilak PIVE planeko laguntzetan ez duela eraginik izango jakinarazi du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak. VWk ziurtatu dio nitrogeno oxidoen emisioarekin egindako iruzurrak ez duela zerikusirik karbono dioxidoaren emisioekin. Hain zuzen ere, PIVE planak karbono dioxidoaren emisio txikiagoa saritzen du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina