2015(e)ko irailaren 25(a), ostirala



Kutxabankek, Bankiak eta Sabadellek ez dute komisio bikoitzik kobratuko
Dirua ateratzeagatik bi aldiz ez kobratzea hitzartu dute hamahiru bankuk. Madrilek ez du baztertzen neurriak hartzea komisio bikoitza kentzeko


Euro 6000 sarea osatzen duten bankuek —tartean, Kutxabankek—, Banco Sabadellek eta Bankiak ez diete bi aldiz kobratuko bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen duten erabiltzaileei. BBVAk eta Caixabankek abiatutako bideari ez jarraitzea erabaki dute, eta elkarren bezeroei komisio bikoitza ez kobratzeko akordioa sinatu dute. Hau da, hemendik aurrera ere, Kutxabankeko bezero batek Sabadellen kutxa automatiko batetik dirua ateratzen duenean, orain arte ordaintzen zuen komisioa pagatu beharko du, beste gehigarririk gabe.

Berri agentziek zabaldu dutenez, Ekonomia Ministerioak ez du onartuko komisio bikoitzak indarrean jarraitzea. Espainiako Bankuak neurriren bat hartzea espero du, eta bestela ministerioa bera prest legoke neurriren bat hartzeko, komisio gehigarria ezabatzeko.

Orain arte, dirua ateratzean ordaintzen zen komisioa ez zuten kobratzen kutxa automatikoaren jabe ziren bankuek, txartelaren igorle zirenek baizik. Sistema hori, ordea, hankaz gora jarri zuen Caixabankek, martxoan: lehengoaz gain, bi euroko komisioa kobratzen hasi zitzaion bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen zuen bakoitzari, baldin eta bere bezeroa ez bazen. Sistema bera jartzeko asmoa du BBVAk, astelehenetik aurrera.Kontsumitzaile elkartearen  arabera, zerbitzu batengatik bi komisio kobratzea legez kanpokoa da eta auzian esku hartzeko eskatu zien Espainiako Bankuari.

Iturria: Berria egunkaria

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina